JOSEBA BERISTAINEK KONPOSATUKO DU “ELCANO, LEHEN MUNDU BIRA” ANIMAZIO FILMAREN JATORRIZKO SOINU BANDA

Fernando Velazquezen zuzendaritzapean, Euskadiko Orkestra Sinfonikoak eta Donostiako Orfeoiak bizia emango diote Beristainen musikari.

La Oreja de Van Gogh taldea filmaren kantuaren konposizioan lanean ari da.

Enrike Solinisek eta bere taldeak, Euskal Barrokensemblek, “Juan Sebastian Elkano, Euskal Nabigazioaren Urrezko Aldiko Kantu eta Dantzak” errepertorio berriaren pasarte batzuk egokituko ditu animazio filmerako.

 Joseba Beristain (Azkoitia, 1978) izango da Angel Alonsok zuzendu eta Dibulitoon Studiok (Irun) ekoizten duen “Elkano, Lehen Mundu Bira” animazio filmaren soinu-bandaren sortzailea. Filma, haurrei eta familiei zuzendua, ekoizpen fasean dago eta datorren urtean estreinatuko da, hain zuzen Fernando de Magallanesek 1519an hasi eta getariako marinel Juan Sebastian Elcanok 1522an amaitu zuen espedizioaren hasieraren 500. urteurrenarekin bat eginez.

Beristain jada soinu-bandan lanean ari da egunotan Azkoitiako bere estudioan: “Oso proiektu interesgarria da eta ilusio handia egiten dit. Alde batetik, konposatzen ari naizen musikak formazio handiekin grabatuko ditugulako, hau da, Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin eta Donostiako Orfeoiarekin, eta beste alde batetik, oso musika desberdinak lantzeko aukera ematen didan film bat delako. Adibidez, abentura handi baten inguruko filma denez,  epopeia haren goreneko uneak edo arrisku uneak girotu ahal izateko musika sinfonikoak konposatzeko aukera ematen dit. Bestalde, luzemetraiak lokalizazio geografiko asko duenez, toki horiek girotzen lagunduko duten musikak sortu beharra dut, hau da, estilo brasildarreko musika, Cebukoa, Moluka uharteetakoa… Erronka zoragarria da niretzako eta asko gozatzen ari naiz musika estilo berrietan ikertzen.

Metrajearen 80 minutuetan zehar banatutako 60 musika minutu inguru izango dira. Egun, Beristain buru belarri dago lan horretan eta Angel Alonsorekin, filmaren zuzendariarekin, elkarlan estuan. Alonsok musiken egokitasuna pelikulako sekuentzia desberdinetan gainbegiratzen du Beristainekin elkarlanean. Alonso baikorra da oso, “Joseba Beristainek oso ondo ulertu du nik nahi nuena, hain film berezirako bilatzen ari nintzen musika estiloa, alegia. Entzuten ari naizen maketak oso gustoko ditut eta erritmo onean goaz iraileko grabaketetara iritsi ahal izateko”.

Hain zuzen ere, hurrengo iraila hilabete garrantzitsua izango da: Fernando Velazquezen zuzendaritzapean, Euskadiko Orkestra Sinfonikoak interpretatu eta bizia emango dio Beristainek “Elcano, Lehen Mundu Bira” filmarentzako idatzitako musikari. Fernando Velazquez (Getxo, 1976) Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren kolaboratzaile ohia da. EOSeko musikariek maiz egin dute lan bere zuzendaritzapean. Velazquez, orkestra-zuzendari eta txelista izateaz gain, zine eta telebistarako soinu-banden konpositore ezaguna da. Bere obra ezagunen artean, Juan Antonio Bayonaren filme guztien soinu-bandak aipatu daitezke, El orfanato (2007), Lo imposible (2012) eta Un monstruo viene a verme (2017), esaterako. Azken honekin, Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin eta Donostiako Orfeoiarekin grabatua, Jatorrizko Musika Onenaren Goya saria eskuratu zuen.

Lan berri honen aurrean, Fernando Velazquezek dio: “10 urte baino gehiago dira Joseba ezagutzen dudala, eta oso pozik nago, bere eskutik, abentura honen partaide izango naizelako. Talentu handiko pertsona da, musikari aparta. Asko pozten nau Elcano handiaren eta bere balentria unibertsalari buruzko filme honen soinu-bandaren grabaketan parte hartu ahal izateak. Ilusio handia egiten dit festa honetarako gonbidapena jaso izanak.”

Velazquezek Donostiako Orfeoiko 200tik gorako ahotsak ere zuzenduko ditu grabaketa sesioetan. Beristain hainbat koru-pieza konposatzen ari da pelikulako hainbat sekuentzia jakinetarako. Donostiako Orfeoia abuztuan hasiko da pieza hauen entseguekin Jose Antonio Sainz Alfaroren zuzendaritzapean, baina honek batuta pasako dio Velazquezi iraileko grabaketa sesioetan, hain zuzen ere, Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren egoitzan, Miramonen, egingo diren grabaketetan.

Beristainek dionez, “grabaketa egunak emozionanteak izango dira, ziur, baita urduritasun eta ardura egunak. Egun gutxitan denbora guzti honetan zehar egindako lana grabatu beharko da, baina oso ederra izango da musika notek bizia eta arima nola hartzen duten ikustea Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren musikarien eta Donostiako Orfeoiko ahotsen bidez.”

Beristainek jada lan egin du soinu-banden konpositore bezala Dibulitoon Studioren hainbat ekoizpenetan, tartean, Teresa eta Galtzagorri, Adiskidetasunaren magia (2017, Animazioko Film Onenaren Goya sarietara izendatua) eta Mystikal (2010) filmeetan. Hain justu, Mystikal filmaren soinu-bandan, Donostiako Orfeoiak parte hartu zuen ere. Soinu-banden konposaketetan ez ezik, Azkoitiarrak esperientzia zabala du ikus-entzunezko ekoizpenen musiken konposaketan.

Bestalde, Donostiako La Oreja de Van Gogh taldeak filmaren kantua sinatuko du. Taldea jada lanean ari da filmaren kantua izango den piezan, haren musikan eta letran. Dibulitoon Studio ekoiztetxeak aspaldi zuen bere animazio ekoizpen batean La Oreja de Van Gogh taldearekin lan egiteko gogoa. Beste alde batetik, Donostiako taldeak gogo handia zuen filme baten musikan parte hartzeko: “Sortu ginenetik izan dugu gogoa pelikula baten musikan parte hartzeko, eta urte guzti hauetan zehar hainbat proposamen jaso baditugu ere, film hau ezagutu arte ez gara ausartu pausoa ematera. Abentura liluragarria, anbizio handiko proiektua, gure herriko ekoizpen bat… aukera perfektua! Guretzako ohore handia da horren gertaera garrantsitsu baten ospakizunean parte hartu ahal izatea eta horregatik, Elcanoren ispiritu aintzindarian inspiratuko gara. Lehenengo aldiz ere, euskeraz eta ingelesez idatziko dugu.” Kantua hiru hizkuntzetan abestuko du taldeko bokalista den Leire Martinezek, euskeraz, ingelesez eta gazteleraz. Dibulitoon Studiok taldeari luzatu zion filmaren kantua sortzeko eta interpretatzeko gonbitea, eta musika talde donostiarrak ilusio handiarekin onartu zuen erronka. Zalantzarik gabe, errealitate bihurtu den amets bikoitza Dibulitoon Studio ekoizpen etxearentzat eta La Oreja de Van Gogh taldearentzat. Guztia aurreikusitakoaren martxan badoa, kantua hurrengo irailaren erdi aldera amaituta egongo da.

Azkenik, azpimarratzekoa da Enrike Solinís (Bilbo, 1974) eta 2006an Bilbon sortu zuen musika aintzineko Euskal Barrokensemble bere taldearen partaidetza. Bilboko musikariak eta bere taldeak duela gutxi estreinatu dute Donostiako Kursaalean “Juan Sebastian Elkano: Euskal nabigazioaren urrezko aldiko kantu eta dantzak” obra, tartean, Orfeoi Txikiaren eta Orfeoi Gaztearen talde baten partaidetzarekin. Obra berri honetan, Elkanoren irudi unibertsalaren bidez, euskal nabigazioaren osperik handieneko aldiari dagokion errepertorioa miatzen du Solinisek kontinente desberdinetako ahozko tradiziozko musika eta testuak aztertuz. Joseba Beristain, Solinisen lan berri honen jakitun eta aintzineko musika taldea filmaren musikarentzako aberasgarria izan zitekeela pentsatuz, bilbotarrarekin lanean hasi da “Juan Sebastian Elkano: Euskal nabigazioaren urrezko aldiko kantu eta dantzak” errepertorioko pieza batzuren egokitzapenaren aukera aztertzeko. Bestalde, Solinís kitarran eta aintzinako musikan aditua denez, kitarra mota desberdinekin jotzeko hainbat pieza berriren sorkuntza aztertzen ari dira ere. Pieza berri horiek, filmaren aro errenazentista girotzeko eta espedizioko etsai nagusiak ziren portugaldarren pasarteak girotzeko izango lirateke.

“Elcano, Lehen Mundu Bira” filma euskal ekoizpen bat da eta Eusko Jaurlaritza, Espainiko Kultura-Ministerioa, ETB eta TVEren babesa du. Egun, ekoizpen prozesuaren azken fasean dago eta 100 profesionaletatik gora ari dira 3D teknologiadun luzemetraian lanean Angel Alonsoren zuzendaritzapean. Filmax, pelikularen banatzailea eta nazioarteko salmenten enpresa arduraduna, lortu du jada Errusian, Txinan, Polonian, Ekialde Ertainean eta Turkian pelikula banatzea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

*

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.plugin cookies

ACEPTAR
Aviso de cookies
Shares
%d bloggers like this: