PROIEKTUA

Laster bostehun urte beteko dira gizateriak bere buruaz eta bizi zen munduaz zeukan kontzientzia erabat eraldatu zela: belaontzi txiki batek munduari bira osoa egin zion lehendabizikoz.

Abiatu ziren bost itsasontzietatik bakarra itzuli zen; 240 marinel itsasoratu ziren, eta hogei ere ez ziren bueltatu. Antipodetan, gaurko Indonesian dauden Moluketan ontziratutako hamahiru lagunetarik, lau baizik ez ziren iritsi.

Ontzi horren kapitain eta buru, Juan Sebastian Elcano, euskalduna, gipuzkoarra, getariarra. Getaria, herri txikia, itsasora zeharo emana zena.

Aparteko bidaia, batez ere jakinda gaur egun munta gutxikotzat ditugun produktuen bila joatea zutela helburu; izan ere, merezi al zuen halako abentura arriskutsuari ekiteak espezia batzuk lortzearen truke?

Ilargira iritsi arte, ez da halako erronka antzekorik izan. Eta badago alderik: garai hartako protagonistek ezin zuten jakin ibilaldi hura izango ote zen haiek sumatzen zutenaren bezalakoa. Egin zuten ekarpena, bada, zakukada batzuk intxaur muskatu, iltze, kanela eta bainila baino askoz ere garrantzitsuagoa izan zen. Bidaiak berretsi egin zuen ustea baizik ez zena: Lurra borobila zela. Eta benetako tamaina antzemateko ere balio izan zuen. Itsaso Barearen barea, hango urlaster eta haizeak -eta batik bat haien eza- bertatik bertara ezagutzea larrutik ordaindu zuten. Harrez geroztik, ordea, mundua ez da berdina izan. Anartean lurralde amaigabeak deskubritzeke zeuden arren, oraindik ere milaka herri, jende, kulturarekiko harremanak -artezkoak nahiz bortxazkoak, dena esatera- egiteke egonagatik, mundua bat bakarra zen, eta inguragarria: “Primus circumdedisti me”, dio Karlos enperadoreak Elcanori emandako armarriak, lur-globoa irudikatzen duena.

Beste aro historiko bat hasi zen, mundiala dei dezakeguna, Lurreko herri guztiei eragin zielako, orduko biztanleak hartaz jabetu ala ez. Mundu “ezagunaren” ardatza behin betiko lekualdatu zen Mediterraneotik Atlantikora. Otomandar Inperioak Asiako pasabidea blokeatu zuelarik, Atlantikoko herrialde europarrek bestelako bideak esploratu zituzten. Portugalek Afrika inguratu zuen; Gaztelak Amerika “topatu” zuen. Geroago, Frantzia, Ingalaterra eta Holanda “Indietara” joan ziren, bai eta mendez mende haietan zabaldu eta finkatu ere.

Zeren eta, joan ez ezik, lurrak eta hangotarrak berenganatu zituzten, bertakoekin borrokan, edo beraien artean lehian, potentzia kolonialak izaki. Alabaina, gerretatik, zapalkuntzetatik eta ustiatzetik landa, ez dago ukatzerik historiaren norabidea aldatu zela, planeta denok bizi garen eta partekatzen dugun toki bakar bat izateko, aldatu ere.

Elcanorena ez zen halabeharrez gertatu, bere lurraldearen eta bere garaiaren isla da. XVI. mendeak aurrera egin ahala zabaltzen ari zen mundu itzel hartan, uste ez bezalako  protagonismoa izan zuen Euskal Herriak. Eta egin zuen lehorretik, baina itsasoari begira betiere.

Aspaldi handian utzi zaio “gizon handiak” oinarri dituen historiaren kontzeptua erabiltzeari. Gure pertsonaia marinela zen; ospe gutxiko lanbidea zuen, bada. Beste muturrean, eta era berean osagarri, Magallanes, leinu nobleko portugesa, espedizioaren buru, harik eta hil zen arte. Bizi ziren testuingurua ulertuz gero, bien biografiei esker hel diezaiokegu historiaren norabidea aldatu zuen abenturari.

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.plugin cookies

ACEPTAR
Aviso de cookies