BINGEN ZUPIRIAK ELCANORI ETA ANIMAZIO FILMARI BURUZ HITZEGIN DIGU

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailburuak, Bingen Zupiriak, elkarrizketa eskaini digu “Elcano, Lehen Mundu Bira” filmaren inguruan eta baita Elcanoren irudi ezezagunari buruz. Hementxe duzue!

 

Gogoratzen duzu Elkanoren berri izan zenuen lehenengo aldia? Txikitan…

Guri Hernaniko ikastolan erakutsi ziguten, ume ginela, nor izan zen Elkano. Gure hezkuntza-proiektuan ikasi behar genituen gaien artean zegoen. Gero, Getarian izan nuen haren berri; umetan hara joaten ginen uda pasatzera eta hango lagunek eman ziguten Elkanoren berri eta haiek erakutsi zizkiguten Elkanoren tokiak. Frontoi gainean dagoen monumentua toki magikoa zen guretzat.

Gaur egun, ze balore iradokitzen dizkizu Elkanoren figurak?

Batetik, ausardiarena eta abenturarena; bestetik, lanarena. Norbaitekin konparatu behar banu, lan, negozio eta aberastasun bila gaur egun Europara eta mundura ateratzen diren euskal enpresetako ordezkariekin konparatuko nuke. Elkano, Magallanesen espedizioan, Molukas uharteetatik Gaztelako erreinura espeziak ekartzeko bide berri baten bila joan zen eta espeziaz beterik ekarri zuen bueltan iritsi zen Nao Victoria itsasontzia.

Zergatik uste duzu dela hain pertsonaia ezezaguna mundu mailan eta baita Euskal Herrian ere?

Gure artean, Elkano eskolatik eta hezkuntza-sistemako ikasgaietatik desagertu egin da, eta horrela ez da erraz haren berri izatea. Hemendik kanpora, Magallanesen espedizioan joan zelako, eta honen marka geratu delako. Oso autore gutxik idatzi dute Elkanori buruz. Zergatik ote?

Ze arrazoik eraman dute animazio filma Eusko Jaurlaritzaren babesa izatera?

Batetik, gure politiketan apustu argi bat dagoelako animazio-filmen alde. Bestetik, laguntzak erabakitzen dituzten profesionalek interesgarri ikusi dutelako Elkanoren historia nola dagoen kontatua, eta gure industrian garrantzitsua den Dibulitoonen moduko enpresa bat dagoelako proiektuaren arduradun.

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailetik, ze ekintza bideratzen eta bultzatzen ari dira Elkanoren izena eta izana indartu eta mundura zabaltzeko?

Uste dut garrantzitsua dela Elkanoren irudia indartzea eta haren inguruko ikerketa eta sorkuntza bultzatzea. Hemen eta munduan. Hori ipini dugu helburu bezala eta horretan ahaleginduko gara.

Abentura filmen zalea zara?

Bai. Oso.

Atrebentzia handia ez bada… norekin joango zara filma ikustera?

Ba abenturetako marrazki bizidunen film bat gustura ikusiko duten nire iloba gazteenekin.

Elkano parean izango bazenu, soilik minutu batez, zer esango zenioke?

Ez dakit zer esango niokeen. Seguruenik galderak egingo nizkioke, aspertu arte. Adibidez, nahi nuke jakin zer harreman zuen euskararekin. Gortean bizitzera eta Sevillan eta itsasoan lan egitera joan zen euskalduna zen. Etxean, gaztetan, ama eta osaba apaizarekin euskaraz hitz egingo zuen, seguruenik; baita getariarrekin ere. Baina gorde eta mantendu ote zuen euskara heldu eta gero? Hitz egiten ote zuen euskaraz bere testamendua sinatu zuen Ordiziako Urdanetarekin, eta mundu-biran ontzi-lagun izan zituen beste euskaldunekin? Agian guk gaur hizkuntzarekin dauzkagun ohitura berak izango zituen, orain dela bostehun urte…

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

*

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.plugin cookies

ACEPTAR
Aviso de cookies
Shares
%d bloggers like this: