“ELKANO, LEHEN MUNDU BIRA” FILMAREN AURKEZPENA PRENTSAURREAN VICTORIA EUGENIA ANTZOKIAN
Gaur goizean Dibulitoon Studiok prentsaurrean aurkeztu du Victoria Eugenian uztailaren 5ean estatu osoko areto komertzialetara iritsiko den Angel Alonsoren “Elkano, Lehen Mundu Bira” animazio filma.
Prentsaurrean parte hartu dute filmeko zuzendaria den Angel Alonsok, Ricardo Ramón ekoizle eragilea, Jone Landaluze ekoizpen zuzendaria, Jose Antonio Vitoria gidoilaria, Joseba Beristain soinu bandaren sortzailea, Donostiako kultura zinegotzia den Jon Insaustik eta ONCE Donostiako zuzendaria, Roberto Dovalek. Dovalen partaidetza filmeak izango duen audio-deskribapenean datza, izan ere, Elkano, Lehen Mundu Bira zinema-areto komertzialetara zuzenduta dagoen lehenengo filma izango da euskarazko audio-deskribapena eskuragarri izaten. Lorpen honen atzean, euskarazko zinema irisgarri egiteko helburuarekin lan egiten duen Zinebai plataforma eta bere kideek lortutako finantzaketa dago. Filmaren gaztelerazko bertsioak ere audio-deskribapena eskuragarri izango du eta biak AudescMobile aplikazio mugikorrean aurkitu eta jeitsi daitezke, ONCE eta Fundación Vodafone España-ren babesarekin S-Dos enpresak garatu duen aplikazioan.
PRENTSA DEIALDIA
Uztailaren 5ean izango da Angel Alonsok zuzendu eta Dibulitoon Studiok ekoiztutako Elkano, Lehen Mundu Bira filmaren estreinaldi komertziala Filmax eta Barton Films-en eskutik. EAEn euskaraz estreinatuko da, filmaren jatorrizko hizkuntzan, eta gaztelerara bikoiztutako bertsioan gainerako zinematan. Historian inoiz izan den abenturarik zirraragarrienari buruzko animazio filma da: Lehen Mundu Bira. Toki berean hasi eta amaitzen den bidaia zirkularra, baina haren ondoren ezer ez da berdin izango. Historiaren norabidea aldatzeko asmoz timoiari tinko heldu zioten bi nabigatzaileen kronika da hau. Fernando de Magallanesen aginduetara abiatu baina Juan Sebastian Elkanok, istorio honen benetako protagonistak, amaitu zuen bidaia. Ekaitzak, gosea, tribuak… Sevillatik bost ontzi atera ziren 1519an. Hiru urte beranduago soilik batek lortu zuen bueltatzea, hala, planetaren biribiltasuna frogatu zuen abentura ikaragarri bat amaitzea lortuz.
Elkano, Lehen Mundu Bira filmaren gidoia Jose Antonio Vitoriak eta Garbiñe Losadak sinatu dute. Joseba Beristain soinu bandaren egilea da. Musika, sinfonikoa ia erabat, Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren eskutik dator Fernando Velazquezen zuzendaritzapean eta Donostiako Orfeoiaren 90 ahotsekin jantzia Jose Antonio Sainz Alfaroren gidaritzapean. Enrike Solinisek ere, aintzinako musikan eta gitarran aditua, parte hartu du soinu bandan bere errepertorioko konposizio batzuk filmerako egokituz eta Beristainek sortutako musika pieza jakin batzuk gitarra mota desberdinekin interpretatuz.
OSTIRALA, EKAINAK 28:
– 10.00etan. Prentsarako emanaldia. Euskadiko Filmategia -TABAKALERA (Andre Zigarrogileen plaza, 1).
– 12.15etan. Photocall. Victoria Eugenia Antzokiaren Prentsa Aretoa. (Argentina Errepublika Pasealekua, 2).
– 12.30etan. Prentsaurrekoa. Victoria Eugenia Antzokiaren Prentsa Aretoa.
Parte-hartzaileak:
- Jon Insausti. Donostiako Udaletxeko Kultura Zinegotzia.
- Ángel Alonso. Zuzendaria.
- Ricardo Ramón. Ekoizle Eragilea.
- José Antonio Vitoria. Gidoilari kidea.
- Joseba Beristain. Jatorrizko Soinu Bandaren sortzailea.
- Roberto Doval. ONCEren Donostiako Zuzendaria.
La Oreja de Van Gogh taldeak amaiera bikaina eman dio luzemetraiari Haizeaz fidatu kantuarekin, musika pieza inspiratzaile eta freskoa. Donostiako taldeak filmearen jatorrizko kantua sortu du getariako marinel Juan Sebastian Elkanori omen eginez, mendebalderuntz nabigatzen jarraitzeko erabakia hartzearen ondorioz, historiako lehen zirkumnabigazioa posible egin zuen gizonaren balentria aitortuz.
Elkano, Lehen Mundu Bira filma euskal ekoizpen bat da eta Eusko Jaurlaritza, Espainiko Kultura Ministerioa, ETB, TVE eta Ibermedia Programaren babesa eta finantziazioa izan du. V Centenario 1º Vuelta al Mundo komisioak, interes bereziko proiektu izendatu du, eta Mundubira 500 Elkano Fundazioak filmeari babesa eta laguntza ematen dio promozioan eta zabalkundean.
Azpimarratzekoa ere, Elkano, Lehen Mundu Bira zinema-areto komertzialetara zuzenduta dagoen lehenengo filma izango dela euskarazko audio-deskribapena eskuragarri izaten. Lorpen honen atzean, euskarazko zinema irisgarri egiteko helburuarekin lan egiten duen Zinebai plataforma eta bere kideek lortutako finantzaketa dago. Filmaren gaztelerazko bertsioak audio-deskribapena eskuragarri izango du ere etadagoeneko, biak AudescMobile aplikazio mugikorrean aurkitu eta jeitsi daitezke, ONCE eta Fundación Vodafone España-ren babesarekin S-Dos enpresak garatu duen aplikazioan.
Bere izaera unibertsala dela eta, historiako lehenengo zirkumnabigazioaren epopeiak interes handia piztu du nazioarteko zinema azoketan. Jada, hamar herrialde baino gehiagok eskuratu dituzte filmaren emanaldi-eskubideak. Animazio luzemetrai zirraragarri hau 100 zinema-aretotik gorako zirkuituan estreinatuko da aldi berean uztailaren 5ean.